URRATS BAKOITZAK BALIO DU,AHALEGIN BAKOITZAK GEHITZEN DU.
Soldata arrakala bizitzak eta aukerak baldintzatzen dituen bidegabekeria eta eskubide urraketa da.Orain da unea zerora ekartzeko.
AITZAKIARIK EZ. DISKRIMINAZIORIK EZ. SOLDATA ARRAKALIRIK EZ.
SOLDATA ARRAKALARI BURUZKO NAZIOARTEKO V. KONGRESUA

Mikel Torres Lorenzo
Lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua
Datorren 2026ko irailaren 23an, Soldata-arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresua egingo dugu Barakaldon. Topaketa horrek Euskadik emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunarekiko duen konpromiso sendoa islatzen du. Konpromiso hori ezinbestekoa da, ordainsarien arloko desberdintasuna, gaur egun ere, gure gizarteen erronka nagusietako bat baita.
Soldata-arrakala ez da zifra hutsa. Datu horren atzean emakumeek eta gizonek gizartean eta, bereziki, lan-merkatuan duten egoera desberdina dago. Errealitate hori azaltzen duten faktoreen artean daude nahi gabeko lanaldi partzialeko tasak handiagoak izatea, emakumeak ekonomikoki eta sozialki gutxiago baloratzen diren sektoreetan biltzen dituen lanbide-segregazio iraunkorra, laneko, norberaren bizitzako eta familia-bizitzako erantzukizunak bateratzeko zailtasunak, edo oraindik ere tradizioz gizonekin lotutako zenbait lanbide eta gaitasuni aitortza eta ordainsari handiagoa ematen dien enpresa-kultura.
Hala ere, azken datuek bilakaera positiboa erakusten dute: soldata-arrakala murrizten ari da. Aurrerapen hori ez da kasualitatearen ondorio, baizik eta politika publiko irmo, denboran iraunkor eta eragile sozial eta ekonomikoen inplikazioarekin eraikitakoen eraginaren emaitza. Politika horiek eraginkorrak direla frogatu dute, eta horietan sakontzen jarraitu behar dugu.
Biltzar honetan, halaber, Soldata-arrakalaren aurkako III. Plan Operatiboa jendaurrean aurkeztuko da. Planaren gauzatzea 2030era arte luzatuko da eta, orduan, Soldata-arrakalaren aurkako Euskal Estrategiaren emaitzak modu integralean ebaluatu ahal izango dira. Eusko Jaurlaritzak 2018tik bultzatzen du estrategia hori.
II. Plan Operatiboaren ebaluazioak Estrategia, ordainsarien berdintasunaren arloan gero eta sendoagoa den estatu-mailako arau-esparruarekin batera, emakumeen eta gizonen arteko soldata-desberdintasunak murrizteko aurrera egiteko tresna erabilgarria eta eraginkorra dela baieztatzen du. Hala ere, hausnarketa sakona eskatzen duten zenbait datu ere agerian utzi ditu. Horien artean nabarmentzekoa da 25 urtetik beherako gazteen artean soldata-arrakala handitu izana, besteak beste, emakumeek lanbide teknologikoetan eta zientifiko-teknikoetan duten presentzia eskasarekin lotuta egon daitekeena. Emakumeen presentzia eskas horrek soldata-baldintza hobeak eta garapen profesionalerako aukera handiagoak eskaintzen dituzten enpleguetara iristea mugatzen du, lanbide-segregazioa iraunaraziz eta ordainsarien arloko desberdintasunak handituz.
Oraindik bide luzea dago egiteko. Egiturazko desberdintasunek bere horretan diraute, sakon errotutako genero-estereotipoek eta zaintza-erantzukizunen banaketa desorekatuak elikatuta, emakume askoren ibilbide profesionalak baldintzatzen eta zigortzen jarraituz. Era berean, bereziki kezkagarria da soldata-arrakalaren existentzia zalantzan jartzen edo gutxiesten duten diskurtsoak berriro agertzea. Ikuspegi horiek datuek zabal frogatutako errealitate bat alde batera uzten dute, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak geldiarazteko, eta baita atzera egiteko ere, arriskua dakarte.
Horregatik guztiagatik, Soldata-arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresua hausnarketarako, elkarrizketarako eta elkarlanean eraikitzeko gune gisa planteatzen da. Ezagutza partekatzeko, ebidentziak aztertzeko eta proposamen ausart baina errealistak jasotzeko gunea izango da, Soldata-arrakalaren aurkako Euskal Estrategia indartzen jarraitzeko eta benetako ordainsari-berdintasunerantz irmo aurrera egiteko.
Izan ere, soldata-berdintasuna lortzea ez da soilik emakumeentzako justizia-kontua; gizarte kohesionatuagoa, oparoagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko ezinbesteko baldintza ere bada. Eta helburu partekatu horretan, ekarpenak egitea, elkarlanean aritzea eta gehitzea, berdin izateko modu bat ere bada.
Mikel Torres Lorenzo

Miren Elgarresta Larrabide
Emakundeko zuzendaria, Emakumearen Euskal Erakundea
Euskadik Ordainsari-berdintasunerako Estrategiaren III. Plan Operatiboa onartu du 2026an. Planaren helburua 2030erako Europako soldata-arrakala txikiena duten herrialdeen artean Euskadi kokatzea da. Estrategia martxan jarri zenetik igaro diren zortzi urteotan, soldata-arrakala nabarmen murriztu dela egiaztatu dugu: 2016an %24 ingurukoa zen, eta 2023an, berriz, %12koa.
Hala ere, hobekuntza horrek ez du esan nahi arazoa gaindituta dagoenik. III. Plan Operatiboari heltzeko egindako diagnostikoak desberdintasunek hainbat eremutan bere horretan jarraitzen dutela erakusten du: lanaldi partzialek duten eraginean, sexuaren araberako lan-segregazioan eta emakumeek egindako lanak gizartean eta ekonomian duen balorazio txikiagoan, bai eta zaintza-erantzukizunen banaketa desorekatuan ere, eta horrek emakumeen lan-ibilbideetan dakarren zigorrean.
Beraz, gure gizarteko eragile politiko, sozial eta sindikal guztien inplikazioa eskatzen duen erronka baten aurrean gaude. Emakumeek eta gizonek erabakiak hartzeko prozesuetan duten presentzia orekatua sustatzen aurrera egin behar dugu, estereotipoetatik libre dauden hezkuntza- eta lan-ibilbideak bultzatzen, enpresetan kontziliazio erantzunkideko neurriak ezartzen, zaintza-lanak aitortu eta modu bidezkoan banatzen eta berdintasunean oinarritutako prestakuntza sustatzen, horren ondorioz, enpresa-kulturaren aldaketa ere lortzeko.
Soldata-arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresua arazo konplexu eta egiturazko honetan sakontzen jarraitzeko aukera bat da; izan ere, horri heltzeko gizarte osoaren inplikazioa behar da. Pausoak ematen jarraitzen dugu, azken helburua argi izanda: emakumeen eta gizonen arteko benetako eta eraginkorra den berdintasuna bizitzaren esparru guztietan lortzea.
Miren Elgarresta Larrabide


- Amaia del Campo
Barakaldoko Alkatea - Miren Elgarresta Larrabide
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria - María Guijarro Ceballos
Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Estatu Idazkaria - Mikel Torres Lorenzo
Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Ekonomia, Lana eta Enplegua sailburua
Hitzaldi nagusia: EBren soldata-gardentasunari buruzko Zuzentaraua(2023-970)
- Ana Carla Pereira
EBko Batzordeko Justizia eta Kontsumitzaileen Zuzendaritza Nagusiko Berdintasun eta diskriminaziorik ezaren zuzendaria - Nieves González García
Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioko Lan zuzendari nagusia
EPIC, Soldata-berdintasunerako Nazioarteko Koalizioa
- Emanuela Pozzan
EPICeko genero-berdintasuneko eta diskriminaziorik ezeko espezialista seniorra. Hacia la equidad salarial: respuesta integral a la brecha gidaren egilea
Emakumeen eta gizonen arteko ordainsari-arrakala: arrazoiak, bilakaera eta ondorioakazterlanaren aurkezpena
Emakumeen Institutuak (Berdintasun Ministerioa) sustatu eta finantzatutako azterlana.
- María José Carretero García
Fundación Mujeres erakundea
Soldata-arrakalaren aurkako 2026-2030 III. Planaren aurkezpena
- Noemí Ostolaza Arcauz
Emakundeko idazkari nagusia - Mª Victoria Portugal Llorente
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria
Soldata-arrakalaren inguruko mitoak: desinformazioari aurre egiteko komunikabideetako narratibak
Komunikazioan, datuen analisian eta kazetaritzan adituak diren emakumeen arteko eztabaida, desinformazioari aurre egiteko. Moderatzailea: Eva Silván.
- Lorena Fernández, Deustuko Unibertsitateko komunikazio digitaleko zuzendaria
- Ana Requena, elDiario.es-eko Genero saileko erredaktore-burua
- Marta Peirano, analista de EL PAÍS eta RNEko analista
Adimen artifizialak soldata-arrakalan duen eragina
- María Luz Rodríguez Fernández
Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako Zuzenbideko katedraduna Gaztela-Mantxako Unibertsitatean
Ikuspegi, immigrazioa,lan-merkatuaeta generoa
- Julia Shershneva
Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria
Divulvadoras podcasta
Zuzeneko grabazio berezia:
- Isabel Mellen
- Naiara López de Munain
Elena Pérez Barredo. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lana eta Enplegua Saileko Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea
Kongresuaren gidaritza
eta moderazioa:
- Koro Mendieta
Ez galdu Soldata Arrakalari buruzkoIV. Kongresuak eman zuen guztia.
Urrats bat gehiago soldata-berdintasunerantz aurrera egiteko.
Inaugurazio ekitaldia eta irekiera
Aurkezpen teknikoa
Solasaldia
SOLDATA ARRAKALA ZERO IZATEAREN ALDE.

Zer da Soldata arrakala?
Soldata arrakala gizonezkoen eta emakumezkoen batez besteko soldataren arteko aldea da, desparekotasunaren ondorio nagusietako bat.
Balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea funtsezko eskubidea eta printzipioa da.
ZENBATERA IRISTEN DA?
INEren azken ikerketaren arabera, Euskadiko urteko batez besteko irabazia honakoa da:
%12,81
Zeintzuk dira arrazoiak?
Soldata arrakalaren arrazoiak anitzak eta askotarikoak dira; horregatik, hezkuntzan eta gizarte-sentsibilizazioan sakondu behar dugu, eta enpresen eta sindikatuen kontzientziazioa handitu, aldaketa bultzatzeko zeharkako elementu gisa.
- Orduko ordainsari txikiagoa izatea:
- Soldata-diskriminazioa
- Segregazio sektoriala eta okupazionala
- Kristalezko sabaia
- Ekoizpen-lanerako ordu gutxiago baliatzea:
- Lan-iruzurra
- Zaintza-lanetan erantzunkidetasunik eza
- Emakumeen jarduera-tasa txikia

SOLDATA ARRAKALAREN KASUAK EZAGUTZEN BADITUZU,ORAIN SALATU DITZAKEZU.
Konturatzen bazara gizon batek emakume batek baino gehiago kobratzen duela lan bera egiteagatik; enplegurako sarbidean edo promozioan diskriminazioa ikusten baduzu; plusak diskriminazioz aplikatzen badira; edo zure enpresak (100 pertsonatik gorakoa) Berdintasun Plana ez badu… SALATU.
SALAKETA FORMALA
SALAKETA ANONIMOA
1 pausoa → Salaketa

2 pausoa → Bertaratu

3 pausoa → Errekerimendua

4 pausoa → Zigorra

ZENBAIT ADIBIDE…
Gregorio Marañón Ospitalearen kasua
Konstituzio Auzitegiaren 145/1991 epaia (uztailaren 1a)
Epai honek jurisprudentzia finkatu du Espainiako legerian. 1985ean, «garbitzaile» kategoriako 137 emakumek demanda jarri zuten, «peoi» kategoriako gizonek soldata handiagoa jasotzen zutelako, ospitalean funtzio berak egin arren.
Auzitegi Konstituzionalak onartu zuen tratu desberdinaren oinarri bakarra hitzarmeneko kategoria zela, eta hori zeharkako diskriminazioa zela, sexuan oinarritutako lanbide-sailkapen sistemari lotuta. “Lanbide-kategoria bigarren mailako elementua da, egiaztatzen bada lan-prestazioa funtsean bera dela”.
Epaia eman zenerako, desberdintasuna jada ezabatu zen: 1988an sinatutako hitzarmen kolektiboak kategoria horiek berdefinitu eta soldatak parekatu zituen.
Acrena SAT kasua
Almeriako Lan Arloko 1. Epaitegia (2018-11-19)
Epaia (errekurritu daiteke) ACRENA SAT fruta eta barazkien merkaturatzaileari ontziratzaile emakumeen soldata biltegiko mozo gizonenaren parekatzera zigortzen dio.
Enpresan 350 emakumezko langilek ontziratze-lana egiten dute; eta 50 gizonezko langilek biltegiko lana egiten dute. 2016ko irailetik 2017ko abenduaren 31ra, frutak, barazkiak eta loreak manipulatzeko eta ontziratzeko sektorearen Almeriako lan-hitzarmen kolektiboa aplikatuta, biltegiko langileek 6,70 eta 6,77 euro jaso zuten orduko; eta ontziratze-laneko emakumezko langileek, ordea, 6,54 euro ordu bakoitzeko, hots, % 4,2 gutxiago.
Epaian frogatutzat eman zuten enpresa batzuetan biltegiko langileek ontziratze-laneko langileak ordezkatzen zituztela, baita alderantziz ere; eta kategoria bietako ordutegiak, txandak eta lan-karga oso antzekoak zirela. Are gehiago, esfortzu fisikoak ere oso antzekoak dira, produktuak eskorga automatikoz garraiatzen dituztelako. Hori dela eta, ez zegoen arrazoirik ontziratze-laneko langileei biltegiko langileei baino gutxiago ordaintzeko.
Hitzarmen kolektiboan jasota egon arren, magistratuak erabaki zuen nazioarteko zuzenbidea, Europako Erkidegoko zuzenbidea eta Espainiako zuzenbidea hitzarmen kolektiboaren gainetik daudela.
Supermerkatu ingelesen kasua
Epaiaren zain
Erresuma Batuko supermerkatuetako kate handien aurka (besteak beste, ASDA, Sainsbury, Tesco, Morrisons, Co-op kateen aurka) demanda kolektiboa jarri zuten 2016an, eta inoiz aurkeztu den handiena da. Dendan lan egiten duten langileen eta biltegian lan egiten duten langileen arteko soldata diferentziaren ondorioz aurkeztu zuten. Oro har, dendako langileak emakumeak dira; eta biltegiko langileak, ordea, gizonak. Soldaten arteko diferentzia 1,8 eta 3,6 euro artekoa da ordu bakoitzeko.
Demandagileek argudiatzen dute dendako lana eta biltegiko lana balio berekoak direla, eta soldatan ez direla kontuan hartzen dendako ardurak (pertsonak, materialak, dirua), jendaurreko lanaren ezaugarriak eta lanpostuaren berezko arriskuak (adibidez, lapurreta-arriskua).
Enpresaburuek argudiatu dute biltegiko langileen eta dendako langileen orduko soldata ez dagoela ezarrita langileen sexuen arabera. Kategoria bien artean diferentziak daude, bi eremuetako lanpostuen eskakizunak bat ez datozelako, langileek bi sektore bereizitan jarduten dutelako, eta langileei sektoreen ezaugarri espezifikoen arabera ordaintzen zaielako.
Demanda emakumezko langileek ezarri duten arren, dendan lan egiten duten gizonei ere onura ekarriko die, baldin eta auzitegietan geroagoko ebazpen batean onartzen badute balio bereko lanpostuak direla eta ordainsari desberdina ezarri zaiela. Demandak 500 000 pertsonari eragiten dio, eta konpentsazio-balioa 9.500 milioitik gorakoa izango litzateke, gutxi gorabehera.
ARGITALPENAK
Esteka interesgarriak:
- Estrategia eta Ekintza Plan Eragilea Euskadin soldata-arrakala murrizteko (2030)
- Soldata-arrakala murrizteko Ekintza Plan Operatiboa (2020)
- Ebaluazio-txostena. Soldata-arrakala murrizteko Ekintza Plan Operatiboa (2019-2020)
- Soldata-arrakala murrizteko Ekintza Plan Operatiboa (2022-2025)
- “Balio bereko lana” liburua
- Inspiring Girls
- Emakumeen ekintzailetza eta lidergoa sustatzeko dirulaguntzak
- 901/2020 Errege Dekretua, berdintasun-planak eta horien erregistroa arautzen dituena
- 902/2020 Errege Dekretua, emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzkoa
- Berdintasun-planak ezartzeko gida
- Morrokotudak: emakumeen kontratazioa sektore maskulinizatuetan
- Lan-munduan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko jardunaldiak (2021)
- Soldata-arrakalari buruzko I.Kongresua (2022)
- Soldata-arrakalari buruzko nazioarteko II.Kongresua (2023)
- Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden hitzarmen kolektiboetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren egoerari buruzko azterketa bat prestatzeari buruzko txostena (2021 Ekaina)
- Hitzarmen kolektiboen genero-eraginari buruzko txostenak, Lan Euskal Agintaritzari aurkeztutakoak. Azken txostena (2020/03 – 2023/2)
- Euskal Lan Agintaritzan erregistratu eta gordailatutako hitzarmen kolektiboen genero-eraginaren txostenak. Urteko txostena (2023)
- Euskal Lan Agintaritzan erregistratutako berdintasun-planen genero-eraginari buruzko txostenak (2024 Otsaila)
- Txostena: Genero-segregazioa lan-merkatuan: kausak eta konponbideak (2023)
- Txostena: Lanaldi partzialeko enpleguak: lan-prekarietatea eta genero-arrakalak (2023)
INFORMAZIO GEHIAGO
Informazio gehiago nahi izanez gero, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren webgunea kontsultatu:
